andoni egana
HITZ ETZANAK

Disgustua

2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Ez zen bikote arrunta. Ezkondu ere, zibiletik ezkondu ziren, 1895ean Parisen. Senitarteko eta lagunek emandako diruarekin bi txirrinda erosi, eta txirrindaz osatu zuten, Frantzian zehar, eztei-bidaia. Andregaiak, amaginarrebak ezkontzarako zer-nolako soinekoa oparitzea nahi zuen galdetu zionean,beltza eskatu zuen, zikin-estalia behintzat, eguneroko lanerako balia zezakeena, ez omen zeukan bat besterik eta.

Ezkontza haren inguruan handiena, emakumearen aitak bota zuen, halere. Propio joana zen Wladislaw Varsoviatik Parisera alabaren ezkontzara. Senargaiaren gurasoak ezagutu zituenean, alabaren dohainez mintzatu zitzaien, bere ustez, egoki: «Maitatzeko moduko emakume bat hartuko duzue familian. Mundura heldu zen egunetik, ez dit disgustu bakar bat ere eman!». Ez dirudi seme baten edo alaba baten laudorioa egiten hasita, esan daitekeen konturik ederrena denik. Are gutxiago alaba hori Manya Sklodowska bada, handik gutxira Marie Curie, alegia. Aipa zezakeen alabaren adimenaren handia, ikasteko tema, lanaren distira… baina disgusturik eman ez izana goraipatu zuen.

Aurrerantzean, «zer moduz?» galdetzen digutenean, esaneko baino ez garela izan adierazteko formula etsia: «Hementxe... Inori disgustu bakar bat eman gabe...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.