andoni egana
HITZ ETZANAK

Lokatzetan

2021eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Epikarako tarte handiagoa eskaintzen dute kirol batzuek besteek baino. Paristik Roubaixerakoa jokatu da joan den asteburuan, ohiko urte sasoitik kanpo. Larunbatean emakumezkoak; gizonezkoak igandez. Eguraldi petrala egin du gainera, eta horrek, lehenez gain, zaildu egin du txirrindularien ibilia. Oro babesle-izen eta kolore korporatibo den garaiotan, elastikoetan marraztu gabeko tarterik geratzen ez den sasoiotan, nor nor zen, eta nor nongoa ezin bereiziak —guztiak lokatz, guztiak arre, guztiak berdin—, adiskidetu egiten nau kirolarekin.

Eta irudi horiei esker, beste behin ere Erik De Vlaeminck etorri zait gogora. Nik ezagutu izan ditudanetan, helduleku literario gehientsuen izan duen kirolaria. Flandiarra; ziklo-krossean ezagunagoa errepidean baino; gurean —Beasainen, 1966an— munduko txapeldun izana; semea begien aurrean hiltzen ikusi zuena, txirrindulari proba batean; bizimodu basatiaren zale; kartzelaldi bat baino gehiago jasan izan zuena; psikiatrikoetan ere ibilia...

Mihi zaharrek diote, gai zela kartzelatik irten eta hilabete baino lehen Munduko Ziklo-kross Txapelketa irabazteko. Kartzelan entrenatzen omen zen. Hesiak bizikletatik jaitsi gabe gainditzen zituen, beste inork ez bezala. Normala, kartzelan entrenatuta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.