andoni egana
HITZ ETZANAK

Krakatekoak

2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Atzo argitaratu ziren datuak: iaz, Hego Euskal Herrian, 75 lagun hil ziren auto istripuz. 223 beren buruaz beste eginda. Daturik izan ezean, pertzepzio hutsez, batekoz bestera litzatekeela pentsatuko genuke, auto istripuz askoz ere gehiago hiltzen direla beren buruaz beste eginda baino...

Bakardade gorria, etorkizunik eza, depresioa, soberan sentitzea, adikzioak... Mila izan daitezke geure buruaz beste egiteko arrazoiaren iturburuak. Trafikoari dagokionez, gidatzen irakasten digute; legeak errespetatzen; legeak errespetatu ezean, isunak ordaintzen. Geureganatua daukagu despiste une txiki bat aski dela... Buru-osasunaren inguruan ez daukagu hainbesteko kezka publikorik. Ez zaigu iruditzen krakateko txiki bat aski denik. Ez gara jabetzen krakateko txiki horretatik zeinen hurbil gauden guztiok ere.

Eta marra fin bat baino ez dago batetik bestera. Vincent van Gogh margolariaren suizidioa da esanguratsua. Soro batean murgildu—arbi-soro batean, demagun, loreen koloreagatik— eta tiro egin zion bere buruari. Ez zen hil, ordea. Herrira ekarri eta hura artatzen ahalegindu ziren medikuak. Baina infekzioren batek erasan eta handik egun pare batera hil zen. Ondo irten zitzaion? Gaizki? Bizitza osoan erdipurdi egin zuen gauza bakarra izango zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.