andoni egana
HITZ ETZANAK

Animatzeko

2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Aspaldian egin ez nuen barrabaskeria bat egin dut. Irakurri dut bestseller horietako bat, idazle euskal herritar entzutetsu batek gazteleraz idatzia. 500 orri. Aitaren batean irakurri dut, bestela irakurtzerik ez zegoen eta.

Bostehun orri horietan, gehienez ere bostehun hitz azalduko dira. Idazleak ez du gehiago behar izan. Apenas ezer kontatzen den. Ez dago deskripzio xumetik gorako deus. Azaltzen duen Euskal Herria ez da nik ezagutzen dudana, baina ez dit bestelako bat ere taxuz aurkeztu. Pertsonaien eraikuntza oso da pobrea. Baina gertatu? A zer gauza pila gertatzen den! Gertatu, gertatu eta gertatu. Suspense hutsak eusten dio eleberriari, zerbaitek eusten badio. Ez dut beti Nathalie Sarraute, Michel Butor edo Milan Kunderaren kondentsazio poetikoaren mailarik eskatzen. Baina hain gutxi ere!

Euskal idazle batek kontatu zidan arnasa luzeko liburu bat idazten ari zela, ahaleginak merezi zuen ala ez zalantzak sortzen zitzaizkion uneetan, zer egiten zuen. Liburu txar-txar bat irakurri, propio. «Horrek izugarri animatzen hau heurean segitzeko!». Niri, Durangorako grina piztu dit irakurri berri dudanak. Hitzordua eskatuta eta taldeka sartu behar izango dugu Landakon eta Plateruenan, baina izango dugu harro irteteko arrazoirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.