Onintza Enbeita.
BIRA

Unibertsitatea

2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Ni ere unibertsitatera joan nintzen ia ahaztuta daukadan garai batean. Nik ere deskubritu nuen beste jende bat eta beste mundu bat, eta ikusi nuen gure herrian bizi garen guztiok eta alboko herriko batzuk kabitzen ginela gure fakultatean. Akademikoki ez nuen flipatu, baina nik ikasi nuen karrera ez zen karrera serioa. Kazetaritza nahikoa brometan hartzen du gizarteak; kazetari askok beste zerbait ikasi zuten. Edozelan ere, nik hasi eta amaitu egin nuen lizentziatura, eta ez naiz inoiz damutu.

Ez naiz damutzen nahiz eta gauza asko faltan sumatu nituen. Faltan sumatu nituen erreferenteak: kazetaritzaz ari ginenean ez genuen hemengoez apenas hitz egin. Are gutxiago euskaraz idazten zutenei buruz. Zer esanik ez emakumeei buruz. Eskertuko nukeen akademiak eta errealitateak harreman zuzenagoa izatea, baina akademiatik irten arte ez nuen ulertu kaleko kazetaritzak nola funtzionatzen duen. Baina fakultatean asko ikasi nuen arrakala sozialez, ahal izateko aukera dugunez eta ez dutenez, dinosauroez eta haize freskoaz, euskaraz bizi ez direnez eta bizi nahi ez dutenez, eta batez ere ikasi nuen munduez. Unibertsitatea ez da aukera bakarra; ezta aukerarik onena ere. Baina hala desio duenarentzat aukera izan behar luke, eta ez dakit beti hala den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.