andoni egana
HITZ ETZANAK

Mendira

2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Europako lurralderik gehienetan Bigarren Mundu Gerra artean indarrean, eta Espainian Franco. Eta mendia. Mendia ihesbide; mendia arnasleku; mendia topagune. Egoera hori zen 1945ean, Aralarko Lagunak izeneko mendizale taldeko partaide batzuk Kataluniako zientzialari batzuekin mendilerroko sistema karstikoa ikertzeko asmoz Igaratzako borda batean elkartu zirenean. Han sortu zen, nonbait, handik bi urtera gauzatuko zen Aranzadi zientzia elkartearen ideia.

Aipatzekoa iruditzen zait elkartearen izaera bera. Ez da enpresa; ez da akademikoak soilik onartzen dituen ikerketa zentro zientifikoa ere. Beste zerbait da. Itxura denez, eta zorionez, Euskal Herrian ez gara batere txarrak beste zerbait horiek sortzen... Kontuak kontu, ibilbide luze bati esker, esango nuke asmatu dutela jakin-mina hedatzen. Lorpen handia...

Baina orain, 75 urte pasatu diren honetan, pentsamenduaren eta zientzien aurkako agintari eta herritar asko dugu Europan. Diru etekinak baino ez die axola. Galdera oro da amorragarri horrelakoentzat. Euren goiburuak hala dio: «Eguna zergatik den egun, gaua zergatik den gau, eta denbora zergatik den denbora galdezka ari denak ez du eguna, gaua eta denbora alferrik galdu besterik egiten». Puf! Arriskua. Mendira jotzeko gogoa sortzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.