andoni egana
HITZ ETZANAK

Deitu

2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Ez zen, itxura batera, lerdemerkeen katalogoko horietako bat. Ez zegoen deskontentu egokitu zitzaion arduradunarekin. Baina goiz batean, lanpostuan bakarrik zegoela, hurbildu eta papertxo bat luzatu zion. «Deitu», esan zion, begi-keinu bat eginez.

Sakelako telefonoaren zenbakia zen. Harridura. Haserrea. Sumina. Ez zion deitu, jakina. Eta handik pare bat egunera, berriz ere bakarka harrapatu zuenean, arduraduna gerturatu zitzaion. «Ez didazu deitu…», bota zion. Erantzun bat baino gehiago etorri zitzaion burura: «Ezta deituko ere, mukizaku halakoa!»; «Zer uste duzu, ez dakidala ez dizudala deitu? Senarengatik ez zintuzten arduradun jarriko…»; «Bai, deitu dut. Baina Zuzendaritzara». Bazekien, ordea, jenioari ezin ziola men egin. Kili-koloko lanpostua zen berea. Aitzakia bat toteldu zion, grazia punttu batekin, minduta senti ez zedin eta, aldi berean, jazarpenean etsi zezan. Ez zuen papertxo gehiago jaso. Aurrerantzean, lanik gogorrenak beretzat izan ziren.

Atzo irakurri zuen berripaper honetan Bilboko perfume denda batean gertatua. Arduradun bat salatu zuten langileek sexu jazarpena eta lanekoa pairatu ostean. Enpresak kaleratu egin du erasotzailea. Poz hartu zuen albistearekin. Baina oraindik kirats denda gehiago dago lurrin denda baino…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.