Onintza Enbeita.
BIRA

Airea

2018ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Elkarri muxuka ari den bikotea ikusita, askotan esaten dugu, «pasa dadila airea erditik». Gerora, bikoteak eginda, berreginda, elkar buruz ikasita eta aspertuta daudenean, ez dugu espazioaren beharrik ikusten. Eta bikoteko kide batek arnasa hartzea pentsatzen badu, edo harremana hausteko dela pentsatzen dugu edo ez dugu ulertzen.

Etxekoekin baino ordu gehiago egiten dugu lankideekin. Eta hala ere, asteburuetan lankideen arteko afariak antolatzen ditugu, eta bulego berrian ezagutu dugun norbaitekin joaten gara oporretara, eta alboko mahaikoarekin oheratzen gara, eta... ez dago airerik lantokietan. Han ibiltzen gara denok espazio itxi batean elkartu eta deselkartu, ito eta konformatu, hurbildu eta urrundu. Ez du inork esaten, hala ere, «ez naiz joango sagardotegira; lankideen eta nire artean airea egon dadin behar dut».

Antzera ibiltzen ginen nerabezaroan kuadrillarekin: denok berdin jantzita, eta denok elkarrekin. Plan propioak egiten zituena beti begipuntuan: ez du gurekin egon nahi, halakori kontatu dio gure berri...

Beraz, ez banoa halako edo bestelako lekura ez larritu: maite zaituztet, baina airea behar dut. Norbaiti muturra jaten ari naizela ikusten baduzue, ordea, ez aireari deitu: ez dut behar, muxu horiek dira airea berreskuratzeko behar ditudan dosia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.