Onintza Enbeita.
BIRA

Ohorerik ez

2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Aspaldi irakurri nion lodion errua dela gizarte segurantzaren zorra. Haren esanetan irakur zitekeen lodi gaudenok sendatzeko edo loditasunaren ondorioz sortutako gaixotasunak konpontzeko ez dagoela behar adina diru osasun sistema publikoan. Ezin dut lodi guztien izenean hitz egin, baina nik Osakidetzari eman diodan lana ez da handia izan gizarte segurantza ordaintzen daramatzadan hogei urteetan; beraz, nirekin izan duten superabita beste lodiengan gasta dezatela.

Kontua da halakoak esaten zituen gizon hori diseinatzailea zela. Marka handi eta dotoreekin ibili da lanean, eta sorbaldaren gainetik begiratu dio munduari. Bere antzeko beste batzuk lagun, munduak zein neurri izan behar duen erabaki dute, eta euren burua zuritzeko argumentua horra: gehiago dira pertsona lodiak, anorexia dutenak baino. Zoragarri, beraz: hil daitezela anorexikoak gosez eta lodiak minez. Bitartean, biba gu geure guraizeekin moztu eta moztu.

Egunotan hil da gizon hori. Harentzako laudorioak zabaldu dira. Nik agur egin diot: ohorerik gabe. Ohorerik ez nire existentzia gastu publiko hutsa iruditu zaion bati. Ohorerik ez milaka pertsona erakusleihoetatik kanpo utzi dituen norbaiti. Goian bego. Guk, zorionez, behean jarraitzen dugu, eta zabaldu zituen mamuak hiltzen jarrai dezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.