Onintza Enbeita.
BIRA

Atzera eta aurrera

2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Aurrera egiteko esaten digute gure inguruko gizonek. Hor daukazue igerilekua, eta egin ezazue salto. Eta guk ez dugunez beti urik ikusten, albotik begira jarraitzen dugu. Eta ez gaituzte ulertzen: hor ari zarete iraultzarako deia egiten, eta gero, aukera duzuenean, denok geldi. Gure biziko aukerak zeintzuk diren, ordea, eztabaidagarria da. Urteak daramatzagu geuretzako aukerak sortzen, espazioa arakatzen, lurra goldatzen eta oinak jartzen ditugun lekuetan geure aldarrikapenak plazaratzen. Beraz, guk baino hobeto inork ezin du jakin zein diren gure aukerak. Askotan, gizonek gomendatu nahi izan dizkigute aukerak: orain da momentua gai honi buruz bertsotan egiteko, orain da momentua egunkarian halako iritziak plazaratzeko, oraintxe da momentua herriko jaietan parte hartzeko.

Aurrera egiteko esaten digute gurekin militatzen duten gizonek, gure ondoko makinan lan egiten dutenek, guk idazten dugun egunkarian idazten dutenek, gurekin larrua jotzen dutenek... aurrera egin esaten digute, baina eurek ez dute pauso bakar bat ere atzera egiteko asmorik erakusten. Eta aurrean, dagoen lekua dago. Beraz, espazioa hartzeko gure aukera usaintzen dutenean, eurek betetzen duten zatia utzi egingo balute, orduan bai, orduan benetako aukerak sortzen egongo lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.