Onintza Enbeita.
BIRA

Behar duzunean

2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Aspalditik egin nahi zenuen bidaia hori egin behar duzunean, dirurik gabe geldituko zara. Behar duzunean, ordenagailuak funtzionatzeari utziko dio eta ezingo duzu lana ordurako entregatu. Derrigor egin behar duzun dei hori egin behar duzunean, telefonoa bateriarik gabe geldituko zaizu. Gehien behar duzunean, argia joan egingo da, eta ezingo duzu neguko gau hotza ezerekin bete. Presarik handiena duzunean aurkituko dituzu errepidean auto pilaketa eta semaforo gorririk gehien. Behar duzunean, guztiak huts egiten ei du. Hori erakutsi digute, eta guk ere horixe erreproduzitzen diogu geure buruari: justu orain, gehien behar nuenean.

Baina aspalditik egin nahi genuen bidaia hori aspaldi egin bagenu, orain ez ginatekeen halako estutasunean egongo. Eta gaur entregatu beharreko lana atzo amaitu izan bagenu, orain ez ginatekeen halako antsietate atakearen erdian egongo. Eta telefonoarekin inuzentekeriak bidali eta jasotzen ibiliko ez bagina, bateriak gehiago iraungo liguke. Eta argia joan arte itxaron beharrik ez dago neguaren gogorra usaintzeko. Eta etxetik hamar minutu lehenago irtetea ez da hainbeste kostatzen.

Behar ditugunean huts egiten digute gauzek: ematen ari zaizkigun lezioa handiagoa izan dadin. Baina guk ez dugu ikasteko beharrik sentitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.