Onintza Enbeita.
BIRA

Eguraldia

2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Udaberriarekin batera iritsi zaigu negua aurten. Metafora bat izan zitekeen, baina aurten halaxe gertatu da. Elurra ikustera ohituta dauden zenbait lekutan ez dute zuririk ikusi martxora arte. Udaberriko lehen loreak urtarrilean hasi ziren loratzen, eta orain, martxoko hormak denak erre ditu (Xalbadorren bertso ederretan amodioa bezala). Zeru grisak badu mundua zuri-beltzean jartzeko joera, eta udaberri honetan, odola piztu ordez, itzali egin behar zaigula dirudi.

Pertsonok ere eguraldiaren moduan gaude. Ez daukat hori frogatu lezakeen datu zientifikorik, baina emozionalak bai: atzo heriotza biren berri eman zidaten. Biek ala biek urte asko bete dituzte gure artean, baina, kasualitatez, oraintxe hil dira: eguraldia tristatu egin denean. Eta kasualitaterik ez dago. Izango da heriotzari azalpen bat bilatzen jarraitzen dudalako edo, baina halakoetan zerura begiratzen dut. Eta zeruan inor ez dagoela uste dudanez, han goian eguratsa ikusten dut, eta hura ni bezain triste edo gris baldin badago, galdera guztien erantzuna horixe dela pentsatzen dut.

Udaberrian negua etorri zaigu aurten: metaforikoki eta benetan, sinbolikoki eta emozionalki. Egunero jaiotzen eta hiltzen da jendea, baina zenbait notizia barrugiro onean jasotzeko, kanpoan ere giro ona behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.