Onintza Enbeita.
BIRA

Ezin itxaron

2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Ez dut oso ondo ulertzen leihotik auzokideei begira egoteko hartu dugun mania hori. Bai, badakit gauzak ez daudela brometarako eta berrogeialdia ondo betetzera kondenatua gaudela. Gure ardura da geure burua eta osasuna zaintzea. Eta bai, badakit jende batek ez duela etxean egun bakar bat ere egin; eta ez, ez zait ondo iruditzen. Uste dut denok jarri behar dugula gure partetik ahal dugun guztia. Hala ere, txakurra egunean birritan paseatzen duenak baino ardura handiagoa dauka egunero milaka lagun lanera joatera derrigortu dituenak. Eta horien aurrean ez dugu ezer esaten: gero eta agindu absurdoagoak ematen dizkigute, eta guk bete egiten ditugu. Lo bezala gaude. Lagun batek esaten dit hau amaitu arte itxaron behar dugula horretaz hitz egiteko, baina nik ezin. Egoera luzatzearen arduradunak orain seinalatu behar dira; gero berandu izan daiteke. Gainera, orain ari badira gaizki, zertarako itxarongo dugu gauzak normaldu arte? Bizimodu normalera itzultzen garenean zenbat denbora beharko dugula uste duzue guztia ahazteko? Ordubetean joan ziren gure itolarri guztiak pikutara.Eta nahi ez nukeen arren, jendeari ahaztu egingo zaio nola milaka lagun lantokira joatera derrigortu dituztenen kezka printzipala gizonezkoen futbol kopako finala bertan behera uztea izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.