Onintza Enbeita.
BIRA

Inkestak

2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Hasi gara hauteskundeak usaintzen. Lehen inkestak argitaratu dira. Badirudi EAJk eta PSEk gehiengo osoa lortuko dutela bien artean. Ez zaizkit inkestak gauza fidagarriak egiten. Ez dut ezagutzen nori botoa emango dion galdetzeko deitu dioten inor. Hauteskundeak egiten diren aldiro, zientoka egiten dituzte, eta agindu dituenari ematen diete arrazoia ia beti. Hemen, beti egiten dute aurreikuspen bera: EAJ garaile. EAEn ez da asko arriskatu behar hori esateko. Ia beti gertatu den gauza bat da. Ez dakit munduan egongo den halako beste kasurik, baina EAJk urte asko daramatza agintean: eskuin-eskuina da ekonomikoki, enpresarien laguna, porlan zalea, ez da bereziki feminista ez ekologista, baina euren burua ezkerrekotzat dutenek ere botoa ematen diote.

Gauzak ondo egiten dituztelako izango dela esaten didate askok, baina ez naute konbentzitzen. Nik galdera aldatuko nuke. Nik jendeari galdetuko nioke ea zer galtzeko beldurragatik ematen dioten botoa betikoei. Ea zer uste duten gertatuko dela betikoek irabazten ez dutenean. Galdetuko nioke jendeari gorbata eta trajedun gizonek ea zergatik ematen dien halako konfiantza. Jakin nahi nuke, benetan, jendeak zergatik nahiago duen ezagun txarra ezezagun ona baino. Eta ez dakit inkestek sekula halakorik argituko didaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.