Onintza Enbeita.
BIRA

Bizi

2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
«Nik bizi egin nahi dut». Horixe esatera baino ez da etorri azokako postura. Urte larria darama. Beste guztiok ditugun arazoak izateaz gain, kezka berriak gehitu zaizkio: bereak, pertsonalak, intimoak, garrantzitsuak. Gehien gustatzen zaion lanari uko egin behar izan dio eta neguaren beldur da. Esan dit ez dakiela garbi denbora zertan emango duen: «Neguan arratsaldeak luzeak dira». Dena galarazpenak diren garaiotan bere buruari gauzak egiteko baimena eman nahi dio, eta ez daki nola. Eta niri ez zait ezer interesgarririk okurritu gomendatzeko edo esateko. Alabak esaten omen dio gauzak lasai hartzeko, baina bera nazkatuta ei dago. Eta horixe esan dit, «Onintza, nik bizi egin nahi dut; beti egin ditudan gauzak egiten jarraitu, eta neure burua bakarrik zaindu. Asko dela iruditzen zaizu?».

Gauza asko erantzungo nizkiokeen, baina ezetz esan diot. Ez dela asko: gutxienekoa dela. Izan ere, aitortu diot, neuk ere bizi egin nahi dut. Jarraitu egin nahi dut betiko gauzak egiten, baina norbaiti okurritu zaio nik beti egin ditudan gauzak ez direla seguruak, eta hementxe nago, iragan berri den udari penaz begira. Gehien maite dudan hori, bertsotan egitea alegia, inoiz baino gutxiagotan eginez. Triste tarteka, haserre gehienetan. COVID-19ari bizirik eustea baino gehiago baita bizitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.