Onintza Enbeita.
BIRA

Tranpak

2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Zuk zer nahi duzu: mediku ona ala euskalduna? Jakin nahiko nukeea hori galdetzen duenak zergatik pentsatzen duen mediku euskaldunak ez direla mediku onak. Izan ere, nahikoa du pertsona batek mediku ona izatea eta euskaraz jakitea, baldintza biak betetzeko. Ezaugarri batek ez du bestea kentzen.

Zer da hemen garrantzitsua: osasun krisia ala zuen hizkuntza? Bada, gauza biak. Gure hizkuntza errespetatzeak edo gure hizkuntza eskubideak betetzeak ez du esan nahi osasun krisi mundialaren kontra ari garenik. Aitzitik, halako egoera antsiatsu batean, artatuko gaituen osasun langilearekin geure hizkuntzan hitz egin ahal izatea lasaigarri da. Ezin gara guztiz osasuntsu sentitu gure osasuna zaintzen dutenekin ganoraz komunikatu ezin bagara. Ezin digu barrua sendatu, pilulak errezetatzen ari zaigun bitartean, gure hizkuntza eskubideak zapaltzen ari denak.

Eta martxotik hona tranpa egin digute berriro. Esan gabe esan digute ez garela munduaren zilborra, badirela gauza garrantzitsuagoak gure hizkuntza baino. Bitartean, hitz egiteko espazioa galdu dugu, militatzeko espazioa ostu digute, eta informazio garrantzitsu gehiena beste hizkuntza batean ematen digute. Zertarako nahi dugu euskararen eguna, urte guztian aurpegira barre egiten ari bazaizkigu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.