Onintza Enbeita.
BIRA

Trukutz jendea

2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Hostoen moduko jende asko gaude. Ez iritzi aldakorrekoak, baina aldarte mugitukoak. Hostoongan eragin handia dauka inguruak. Eguraldiak eragin egiten digu, lanak ere bai; zer esanik ez jendeak. Haizea dagoenean buruko mina jartzen zaigun neurri berean pozten gaitu eguzkiak, edo tristatu egun grisak. Gizarte epaile honek begietara aldakorregiak izango gara agian, baina nik neuk janzkera ere aldartearen araberakoa erabiltzen dut askotan.

Ostera, espaloian gurutzatzen dudan jendearen artean, asko dira ezerk eragiten ez dienak. Landarearen trukutza bezain sendo beti. Izan ere, artoa moztu eta gero ere, trukutzak han irauten du geldi, bere lekuan. Eta garai batean inbidia ematen zidan halako jendeak. Inguruan edozer gertatuta ere, irauten zekien jendea miresten nuen: eusteko gaitasun hori gustatu egiten zitzaidan. Neuk ez neukalako seguruenera.

Orain, ordea, ez diet berdin begiratzen hostoei eta trukutzari. Orain gehiago gustatzen zaizkit aldartea aldatzen zaien pertsonak. Ez bereziki nirekiko, baina bai bizitzarekiko. Azken batean, unibertsoa mugimenduan badago, ez dakit guk zergatik iraun behar dugun geldi. Gainera, ezerk eragiten ez dion jendea desatsegina denean, ez dauka horretarako arrazoirik: horrelakoa omen delako da desatsegina. Eta hori oso tristea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.