Onintza Enbeita.
BIRA

Harriak

2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Turista omen naiz bidaiaria baino gehiago. Litekeena da. Harriak ikustea gustatu egiten zait. Ez denak eta ez leku guztietan, baina harriek gauza asko kontatzen dizkidate. Harrietan ikus daiteke boterea nork izan duen eta zein zapaltzeko erabili duen, eta harriek erakutsi didate duela bost mende lasai bizi zela jendea hogei metro karratutan. Bide batez, harriek gorde duten memoriari esker froga dezaket jende asko bizi dela munduan duela bostehun urte gurean bizi izan ginen moduan. Ez da oso modernoa eta kosmopolita izango agian, baina harriei begira bake handia sentitzen dut. Askotan esan izan didate harriak ikustera mundu guztia joaten dela, eta bertako jendearekin hitz eginez ikasten dela gehien. Ez dakit. Gustatzen zait lekuan lekuko jendearekin egotea, baina hauen espazioa inbaditzen ari naizela iruditzen zait askotan. Zergatik izan behar dute gogoa niri haien berri emateko? Nik haien lekuan pentsatuko nukeena da «hor dituzue harriak, paisajea eta udalak jarritako kartelak. Niri bakea eman!».

Bidaiatzeko moduei buruz eztabaidan eta hizketan entzuten dut jendea: motxila, furgoneta, hotela, jendea, museoak... Ni harriek eramaten naute nahi dudan lekura. Sinpleegia izango naiz, baina harrien memoriak nire lekuan jartzen nau. Bakean sentitzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.