andoni egana
HITZ ETZANAK

Igogailua

2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Idatzita ikusteak harritu ninduen. Banekien, jakin, zenbaitek horrelakorik pentsatzen zuela, baina pentsatzetik argitara ematera jauzi handia dago. Gure herria gorabehera handirik gabea da, zelaia, baina baditu pare bat auzo goi samarrean geratzen direnak. Haietako etxe-multzo batera igogailua egin berri dute. Eta herritar bat kexu zen gastu hori dela eta. Han goian etxea erosi zutenek baldintza ekonomiko jakinekoetan erosi zutela zioen, bazekitela aldapa zeukatela etxea erosi zutenerako, ez geneukala herritar guztien artean gutxi haientzat zen igogailua zertan ordaindu.

Bizikletan ibiltzeko ohiturarik ez duenak bidegorriak erabiltzaileek soilik ordain ditzatela eskatuko du laster; haurrik ez duenak eskola-publikoak guraso direnen patriken kontu joan daitezela; senitartean ezindurik ez duenak osasun-zerbitzu batzuk murrizteko eskatuko du garestiak direla eta...

Eraman onekoa izan beharra dago elkarrentzako molestia-amaraun bihurtu zaigun jendarte honetan. Gutxienekoa hori da. Edadetu bati entzun nion arestian aipaturiko idazkiaren inguruko epaia: «Joan hadi harengana mesede bat eskatzera!». Ohitua dago, nonbait, komunitatea molestia-amaraun ez ezik elkartasun-sare ere baden bizimodu batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.