andoni egana
HITZ ETZANAK

Saria

2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Gogoan dut noiz sentitu nuen lehen aldiz. Bederatzi-hamar urte genituen eta hondartza-futbolean jokatutako lehen finala galdu berria. Ez dut gogoan galdu izanaren minik. Gogoan dudana da sari-emate ekitaldian han geundela, zain, gurea noiz iritsiko. Kopa bat, taldearentzat, gero etxez etxe txandaka ibiliko genuena eta... bakoitzarentzat zerbait. Zerbait hori ez zen dominaren bat, elastikoren bat edo libururen bat. Ez zen maila horretara iristen saria. Zen margarina pote bat, sasoi hartan modan zegoen markakoa. Begi zoliren batek sarien mahaian zenbat pote zeuden zenbatu zuen. Hamabi. Eta hamahiru ginen gu. Ilaran ahalik eta aurreraen jartzeko egin beharreko tranpatxoak ditut egun hartatik gogoan. Margarina pote baten truk bazen ere, hobe zen kabroi samarra izan gizarajo hutsa baino. Orduan sentitu nuen estreinakoz hori... Gogoan dut margarinarik gabe zein taldekide geratu zen ere! Ez ni...

Bozen giroak nahasturik, pentsioen sistema berritzeko akordioa bertan behera geratu da Espainian. Atzoko berria da. Ez dakit nondik nora doan berritze asmoa. Dakidan bakarra da tankera horretako berriak entzuten ditudanero espabilatu egin beharko dudala hasten naizela pentsatzen. Ea ez naizen ilaran azken muturrean geratzen, margarina poterik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.