andoni egana
HITZ ETZANAK

Leihotik

2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Bilintxena ezagutzen genuen guk. Bizitzan zoritxar ugari izandakoa, lehergailu batek eragindako zaurien ondorioz hil zen. Aldatzen ari omen zen etxean, eta leihotik sartu omen zitzaion. Ez omen zuen izan denborarik behar bezala babesteko, nahiz eta mendian txispazoa sumatzean kanpai-hotsez ematen zitzaien abisua hirikoei. Askotan egoten naiz begira nondik jaurti zuten lehergailua eta non egin zuen eztanda: Arratzaindik bota eta Donostiako Parte Zaharrean lehertu. Duela mende eta erdi ez zen oraingo autobide, errepide, zerbitzugune, auzo, dorrerik... tartean. Baina askotan egiten dut, oraingoari begira, orduko proiektilaren ibilbidea irudikatzearen ariketa.

Aste honetan gertatu da oso antzeko zerbait Tarragonan. Petrokimika lantegi bateko erreaktoreak eztanda egin du eta haren zati bat —tona bateko altzairu xafla— hiru kilometro airean egin ondoren, Sergio izeneko gizonezko baten etxeko leihotik sartu da. Bat-batean hil da gizonezkoa. Ez du, Bilintxek bezala, sei hilabeteko heriorik jasan beharrik izan.

Gerrek ez dute fama onik; petrokimikek ere ez. Gerrek, sakonenean, zentzurik ez dutela esan ohi izan da beti. Halere, leihotik lehergailu bat sartzekotan, izan dadila gerran eta ez petrokimika baten matxuraren ondorioz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.