andoni egana
HITZ ETZANAK

Jaramon egin

2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Arras gauza ederra da errorea. Horma batean «Gazteria haurrera!» idatzi zuen hura artea egiten ari zen, ez zekiela. Edo akaso propio egin zuen... Erroreari esker egiten du aurrera zientziak ere. Proba egin, hanka sartu, eta beste bide bati ekin. Ziraun zalea baita egia zientifikoa. Erroreak bihurgune, sigi-sagan hurbiltzen zaizkionak bakarrik onartzen ditu bere altzoan.

Zientziatik at, hedabideen lana hedatzea denez, erroreak ere hedatzen dituzte, jakina. The Economist-ek 2014an gogora ekarri nahi izan zuen aspaldidanik zeudela drogen legalizazioaren alde. Eta aipatzen zuen 1993an lehen orria eskaini ziotela aldarri horri. Baina, 1988koa zela portada hura jabetu ziren, edo jabearazi zituzten gero. Eta akatsaren zuriketa ezin distiratsuagoa egin zuten: «Hutsegin egin dugu. 1988a aipatu behar genuen eta ez 1993a. Drogen legalizazioaren alde egon gara ordudanik, baina inoiz ez dugu esan drogek, luzera, memoriari kalterik egin ez diezaieketenik».

Itxialdi honetan iristen ari diren txiste, meme eta pasadizoen artean, bat aparta eta egiazkoa. Jaurlaritzako Sail baten bulegoko atean oharra. Gaztelerazko egokiago baten ondoan«no se atiende al público», euskarazko bihurria: «Jendeari ez zaio jaramonik egiten». Egia zientifikoagorik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.