andoni egana
HITZ ETZANAK

Atzerapena

2020ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Denboraren abiadaren eta pertsonon iraungitze dataren kontzientzia filosofia liburuetan baino argiago sentitu nuen futbolari buruzko komentario xume bati esker. Duela hamairu urte, maite dudan pertsona batek hala aitortu zidan: «Aurten Reala bigarren mailara ziak seguru-seguru. Eta badakik zer den okerrena? Ez dakidala nik berriz igotzen ezagutuko dudan». Hala zirudien, baina ez zen futbolaz ari. Biziaz ari zitzaidan, ez bizitzaz. Hirurogeita hamarretik gora zituen ordurako...

Ezagutu zuen Reala berriz lehen mailara igotzen; ezagutu zituen gerora denboraldi onak, erdipurdikoak eta txarrak; ezagutu du aurtengo geldialdia eta abian jartzea ere. Gauza asko gertatzen da hamahiru urtean.

Akaso horregatik eragin dit hainbeste atzoko albisteak:«AHTak Euskal Herrian 'gaitasun osoz' aritzeko 29 urteko atzerapena izango du». Hogeita bederatzi urtean mundua goitik behera aldatzen da! Bere garaian hain premiazkoa bazen tren hori, hainbesteko atzerapenak ez du zuribiderik. Premiazkoa ez bazen, berriz, burutzen tematzeak zentzurik ez du. Agintariak onak dira, ordea, aitzakiak asmatzen eta honelako zerbait entzuteko gaude hemendik hamairu urtera: «Ekin genion garaian ez zuen zentzu handirik, baina orain mundua erabat aldatu da, eta orain bai, badu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.