andoni egana
HITZ ETZANAK

Kafea

2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Kaliforniako herri batean genbiltzan hemendik joandako dozena erdi bat lagun. Harrera egin zigun bertako jendea oso zen adeitsua gurekin. Batera eta bestera ibiltzen gintuzten euren bi autoetan. Behin, eguarte osoa eman genuen autoetatik hau ikusi eta bestea ikusi. Nahi genuen atsedentxo bat eta nahi genuen beste autoan zihoazen lagunekin berriketaldi bat egin. Kafea har genezakeen galdetu genion txoferrari. Baietz erantzun zigun, eta abiatu ginen kafetegi batera...

Hanka txindurrituak luzatzen ari ginela, esertzen hasi gabe geundela, bueltan ziren anfitrioi-gidariak eskuetan plastikozko edalontziak zituztela. Autoetarantz jo zuten zuzenean. Dei egin ziguten: «Goazen! Autoek badute kafe-edalontziak kokatzeko lekua!». Eta gu, esaneko, autoetara sartu ginen eta segi genuen hau ikusi eta besteari begiratu, kafeari zurrutadatxoak eginez.

Pandemiatik bueltan —bueltarik balu— nolako mundu klasea nahi genukeen galdetzen digutenean, kafe hartaz gogoratzen naiz. Nahi dugu mundu bat non kafea izango den likido beltz bero bat, batetik bestera presarik ez eta presaka gabiltzan bitartean hartzen duguna, edo nahi dugu mundu bat non kafea den berriketaldia, harremana, astia, aisia...? Ekonomiak eta osasunak hortxe egiten dute talka: kafea hartzeko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.