andoni egana
HITZ ETZANAK

Banatu

2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Azken sei hilabetean askotan aritu izan da bere golkorako marmarrean edozein gobernuren aurka. Badaki egoera honetan agintzea ez dela erraza baina Espainia edo Frantziako, bere erkidegoko, foru aldundiko zein udaleko gobernuek askotan sartu dutela hanka iruditu zaio, kontraesanez beteriko aginduak eman dituztela. Martxo-apirilean ezer ukitzeko beldurrak ibili zen esku-plastikoz ez bazen. Orain, horrek ez duela axola dirudi.Garai hartan maskara noizean behin eta borondatez janzten zuen. Orain, bekatu mortala da ez ipintzea. Eta horrelako mila kontu…

Joan zen igandean etxepeko parkera jaitsi zen lau urteko alabarekin. Alaba tematu egin zen maskara behar zuela berak ere. Jantzi egin zion. Joan zedila ohitzen letorkeenerako. Amonak propio jositako polit bat aukeratu zuen umeak, marrazkiekikoa. Haurrak txirristara jo zuen irten ahala eta gurasoa kafetegiko terrazan geratu zen zelatan. Ia eseri baino lehen zutitu behar izan zuen. Alaba, bere maskara jartzen ari zitzaion laguntxo Omarri. «Ez, ez, ez! Hori ez !» egin zion oihu urrutitik.

Umeengana heldu zenerako alabak prest zeukanbere jarreraren arrazoia: «Zuk esaten didazu lagunekin banatu behar ditudala gauzak!». «Bai-baina»-ka, azalpenak ematen hasi zelarik, gobernu-bozeramaile sentitu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.