Onintza Enbeita.
BIRA

Gonak

2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Emakumeok prakak jantzi ahal izatea patriarkatuari eta tradizioari irabazitako borroka izan zen. Txanponaren beste aldeak gure miseria zenbait erakusten ditu oraindik, ordea. Izan ere, gizonezkoenak omen ziren prendak janzteak prestigioa eman digu emakumeoi, baina emakumezkoenak diren prendak janzten dituzten gizonek barregura ematen diote munduari. Horixe gertatu zitzaion eskolara gona jantzita joan zen Bilboko nerabeari: ikaskideek barre egin zioten, eta irakasleek psikologoarenera bidali zuten ea hotzik ez zuen galdetuta. Elkartasun keinu asko jaso ditu gazteak bueltan. Oñatin, esate baterako, Zuazola-Larraña institutuko ikasleek gona jantzi dute egun batez arropak generorik ez duela aldarrikatzeko. Eta mundua amaitzen ari omen den honetan, etorkizuna badela sentitu dut.

Hau ez dela gizarte naturala, eta ez duela hala izan nahi zioen kantu batek, eta ni ados nengoen. Ordea, ikusi ditut nerabe hauek guztiak genero bakoitzari omen dagozkion janzkera arauak apurtzeko prest eta pentsatu dut badela aukera guri eraiki zigutena baino mundu naturalagoa eraikitzeko. Ez dezagun aukera gal. Jantz ditzagun gonak guk ere. Ez baitu ardura emakume edo gizon sentitzen garen nahi dugun arropa jantzi ahal izateko. Izan gaitezen erakutsi zigutena baino libreagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.