Onintza Enbeita.
BIRA

Bakean

2020ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Kanpamentuetan gizonak falta direla esan zigun, armatzen ariko zirela. Zinegotzia zen, eta udalbatza osoa joan ziren Aljeriako saharar kanpamentuetara. Hogei bat urte pasatu dira, baina badirudi ondo ulertu zuela egoera: saharar herria armetara itzuli da, hura zapaltzeari utz diezaion Marokok. Pentsatzen dut, urte hauetan, ez direla gizonak bakarrik izan kanpamentuetan falta izan direnak, baina hori baino garrantzitsuagoa da Espainiako Gobernuak ere Sahararen aferan esku hartzea: haiek saldu zioten Sahara Marokori, edo oparitu, edo trukerako txanpon gisa erabili. Eta, orain, han daude basamortuan batzuk eta lurralde okupatuetan besteak: Marokok zapalduta, munduak ahaztuta.

Bitartean, oporrak bakean pasatzera etorri zaizkigu ume sahararrak. Ekimen interesgarria eta beharrezkoa da, baina ez dakit basamortura kondenatutako ume hauek hartu dituztenek beti ulertu duten haien borrokak izan dezakeen aldaera. Inoiz baino gehiago beharko dute orain bakea, baina inoiz baino jende gutxiagok enpatizatuko du, agian, armak hartu dituen herri batekin. Badakizue, armak eta indarkeria estatuaren eskuetan bakarrik dira zilegi komunikabideen arabera; hortik kanpo terrorismoa dira. Eta prest egon beharko dugu guk hain maite izan ditugun ume horien herriari jartzen zaizkion adjektiboak eztabaidatzeko. Prest haien borroka moldeak ulertzeko. Bestela, gure hipokrisia eta aitakeria nabarmen geldituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.