andoni egana
HITZ ETZANAK

Inkesta

2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Badut lagun bat bertsolarioi inkesta eta galdeketak motz geratzen zaizkigula dioena. Badakizue zein den erantzunetarako ohikoa den hirukoa: Bai. Ez. Ez daki / Ez du erantzun. Adiskide horrek dio ohiko hirukoak ez duela balio bertsolariarentzat. Bertsolariak behar lukeela —gehienetan horixe egiten baitugu— laugarren laukitxo bat. Hots, Ez daki /Baina erantzun du.

Inkesta eta galdeketez ari garela, atentzioa eman dit Kataluniako balizko hauteskundeetarako egindako CISen aurreikuspenak. Balizkoetarako aurreikuspenak! Sumatzen da ziurgabetasun garaiak bizi ditugula. Edo txolin-aro ere dei geniezaioke bizi dugun honi. Azken hauteskundeetan sozialistak laugarren indarra ziren Katalunian. Orain, Salvador Illa izendatu dute Generalitaterako presidentegai. Eta gauetik goizera, lehen indar bihurtu dira inkesta horren arabera.

Ez nator inongo iritzirik ematera. Ez dut azalduko inkesta zenbateraino egon daitekeen bideratua, ez zenbateraino iruditzen zaidan bidezkoa Salvador Illaren hautagaitza une hauetan aurkeztea, ez bere orain arteko kudeaketa-lana egokia izan den… Adiskideak ez nau oraingoan laugarren laukitxoan harrapatuko. Baina ez daukat dudarik. Jendarte likido batean bizi gara. Eta hori ez da tabernen erantzukizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.