andoni egana
HITZ ETZANAK

Hegazkinka

2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Zifra ofizialak —zenbateraino diren zehatz auskalo— izugarriak dira. Albora begira jarrita, pandemia hasi zenetik 74.000 lagun hil direla birusaren eraginez aitortzen du Espainiak; 93.000 hildako aipatzen ditu Frantziak. Zifrak nolabait lurrera ekarri behar, eta hegazkinka neurtzen ditut azken boladan hildakoak. Duela urtebetetik, egunero 200 lagun zeramatzan hegazkin bat erori da Espainian; ia 300 lagun zeramatzan hegazkina lehertu da egunero Frantzian.

Hildakoak hegazkinka neurtzen hasi behar hau harrigarria gertatu zait neuri ere. Izango zuen eraginik Xapre filosofo zaldibiarrak. Ez ditu maite hegazkinak. Beldurra diela aitortuko dizu edozein berriketalditan. Arrazoia xinplea da: «Nik ez diat hil nahi! Badakik ze ondo bizi naizen? Arriskatu hadi ba...».

Xaprek ez dizu eskubideez,heriotza duinaz, eutanasia legeaz eta horrelakoez hitz egingo. Oinarri-oinarrira joz azaltzen daki zeinen penagarri izan daitekeen norbere heriotza. «Lagun bat hiltzen zaianean pena hartuko duk ba?», galdetuko dizu. Bekainak harrotuz erantzungo diozu, baietz, jakina. «Hortik atera kontuak, ze tristea den norbera hiltzea. Norbera hiltzen denean, lagun denak hiltzen zaizkiok batera. Denak. Hori baino pena handiagorik ez duk...», emango dizu epaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.