andoni egana
HITZ ETZANAK

Goibel

2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Aroari ez dagokion giroa. Gintonik koloreko zerua. Euria ari du. Alaitasun urria kaleetan. Mugimendu eta zarata gutxi. Nahigaberako joera gogoak. Izendatu ere hala egin zuten sanferminetan gaurko eguna…

Eta halako batean, aitona-bilobak sumatu dituzu kalean. Hiru-lau urteko umea putzu-zulo batean sartu da propio. Errieta egin dio aitonak. Berriz egin du jauzi umeak, eta ateratako zipriztin ugariek barre-algara sortu diote. Estuago hartu du aitonak. Hirugarrenez egin du salto haurrak putzutan, aitonaren autoritatea noraino hel daitekeen frogatzeko. Poltsa batean zekartzan ogi-apurrak txoriei botako dizkieten promesarekin atera du putzutatik haurra. Berehalaxe hurbildu zaie txolarre bat. Barrurantz egin duzu zuk, egunik goibelenetan ere zeri heldua badagoela sinetsita. Natura badabil. Eta gu ere ez gaude guztiz egonean. Irtengo gara honetatik ere, ederra baita mundua, ederrak pertsonak…

Zerbait irakurtzeari ekin diozu. Nazien garaiko argibide bat ekarri du zoriak zure eskuetara. Europako trenbide-sarean, Auschwitzera zihoazen juduz beteriko trenek lehentasuna zuten alemaniar Armadakoekiko. Nahiago zuten juduak hil, gerra irabazi baino. Ahaztu zaizkizu aitona-bilobak, putzu-zulo, ogi-apur eta txolarreak. Nazkagarri dator eguna berriz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.