andoni egana
HITZ ETZANAK

Autotan

2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Gurea izango da bizitza autotan neur dezakeen lehen belaunaldia. Badira autoa ia urtero aldatzen dutenak. Horientzat ez da neurgailu ona. Ohikoagoa da bizitzan zehar bost, sei, zazpi, zortzi... auto izatea. Bizimoduak bizimodu betiere, hirutik hamarrera demagun, zifra batzuk aintzat hartzeagatik. Ikasten ari zinela ibili zenuen horixka hura, koinatuak utzia; lanean hasi zinenean erosi zenuen arrea; ondoren etorri zen gorri hura… Bizitzako etapak sailka daitezke izandako autoen arabera.

«Etzekiat hau ez den azkenengoa izango...», bota zidan artean sasoiko ikusten nuen gizonezko batek auto berria ekarri zuenean. Hirurogei bat urte izango zituen, —nik orduan erdiak baino ez— eta harrigarri gertatu zitzaidan. Bizialdia autotan neurtzen ari zen. Kalkulua egina zeukan, auto berria zahartzean ez zuela beste baten premiarik izango...

Europako Batzordeak eskaini digu gure belaunaldikooi jomuga zehatza: 2035. urtea. Gasolina, gasoila eta gainerako erregaiak darabiltzaten autoak galaraziko dituzte urte horretatik aurrera. Kalkuluak egiten hasteko garaia heldu baitzaigu guri ere, «zer moduz?» galdetzen digutelarik, erantzuna honakoa izan daiteke: «Ondo. Oso ondo. Auto elektriko horietako bat erosteko premia izango dudan itxaropenez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.