Onintza Enbeita.
BIRA

Trena

2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Gogoratzen naiz umetan zein pozik hartzen genuen trena Bilbora joateko. Bidea helmuga bezain berezia izaten zen. Gerora ere, beti gozatu dut trenean bidaiatu dudanean: badu zerbait lasaigarria trenak. Edo hala izan du niretzat, oraintsura arte.

Amerika erdiko lurraldeetatik Estatu Batuetarantza abiatzen den trenaren irudiak ikusi nituenetik, desberdin ikusten dut trena. Ez dago ezerlasaigarririk bidaia horietan. Are gutxiago bidaiariak pobreak eta migranteak direnean. Etorkizunaren bila abiatzen dira euren herrietatik eta asko ez dira bidaiaren amaierara bizirik iristen. Emakumeak bortxatu eta txikitu egiten dituzte psikologikoki, gizonek ahal duten moduan eusten diote bidaiari, eta helmugara iritsi orduko markatu egiten ditu bidaiak.

Eta hemen ere trenbidea izan dute ihesbide migranteek. Ordea, ez dute ihes egiterik lortu. Goizeko lehenengo trenak eraman ditu betirako. Nekearen nekez lotan gelditu ziren trenbidean. Ez zuten arriskuaren tamaina ikusi, eta akabo haien bidea.

Guk lasai jarraitzen dugu gure bizitzetan buru-belarri. Gure trenbidearen bazterretan inor utziko ez bagenu bezala bizi gara. Gure trenak inor harrapatuko ez balu bezala. Gure bagoian sartu eta lasai bidaiatzen dugu, baina besteak hor daude, gero eta hurbilago, eta gero eta gehiago behar gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.