andoni egana
HITZ ETZANAK

Krispetak

2021eko urriaren 21a
00:00
Entzun
Zinema-aretoen jabeak kexu dira. Azken neurrien arabera, ez dago zinema-aretoetan krispetarik jaterik, eta horrek asko mugatzen omen du euren negozioen bideragarritasuna. Langileen erdiak kalean utzi beharko omen dituzte aldi baterako behintzat. Krispetek —jaterik ezak, kasu honetan— aldi baterako enplegu erregulazio gehiago ekarri behar zuela sinestea ere! Sekula egingo ez genukeen lotura bat da krispetak eta lanik ezarena...

Fermin Etxegoien euskaldun kontziente eta inkontzienteez mintzatu zaigu bere Totelak liburuaren aurkezpena dela eta. Inkontziente linguistiko kolektibo bat ba omen dugu, eta oso espainola omen da Hego Euskal Herrian eta oso frantsesa Ipar Euskal Herrian. Bat nator. Euskara batua ikastolan ikasi zuen belaunaldi batekoa naiz. Ikusi dut euskara berritzen, moldatzen, egokitzen... Zabarkeriari mugak jarri, garbizale itsua izan gabe. Egin daiteke. Egin da. Garapena, azpiegiturak, zigarrokina... esaten, gaztelerazko ordaina baino beranduago ikasi genuen, baina natural egin ditugu geure. Gure aitari islada irteten zaio lehen ez bezala...

Baina krispetekin ezin dut. Inpostore sentitzen naiz, beste ni bat, krispetak idatzi edo esaten dudan bakoitzean. Hitza ikasi nuenerako palomitak sustraituegia egongo zen nire garunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.