AHTaren kontra bildu dira Baionan, Rousseten etorrera baliatuta

Akitania Berriko eskualdeko presidentea Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiekin izan da. Herritarrek AHTaren «iruzurra» salatu dute

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Ehun bat lagun elkartu ziren atzo AHT abiadura handiko trenaren proiektu berriaren kontrako protestan, Baionako Arteen Hiriaren aurrean. Izan ere, Alain Rousset Akitania Berriko presidentea Ipar Euskal Herriko auzapezekin eta Euskal Hirigune Elkargoko batzorde eragileko hautetsiekin bildu zen han, GPSO Hego Mendebaldeko trenbide Egitasmo Handia edo AHT berriaren aipatzeko. Bordele-Akize eta Bordele-Tolosa Okzitaniako zatien diruztatzea du helburu. CADE eta Bizi elkarte ekologistek hura etortzea baliatu zuten AHT berriaren kontra egiteko. Bileratik ateratzean, hautetsi askok kontrako jarrera erakutsi zuten, baina Akitania Berriko presidenteak bere asmoa berretsi zuen: «Abiadura handiko tren berria gerora begiratzea da».

CADEko Victor Pachon bozeramaileak, ordea, argi du: «AHT berria iruzur bat da, eta gezurra saltzera etorri da Rousset». Azaldu zuen proiektua abian ezarri zutelarik trenbideen saturazioaren argumentua baliatu zutela. Pachonen irudiko, ordea, trenbideak ez dira saturatuak, «alderantziz». Izan ere, CADEk ikerketa xehe bat eraman du AHT berriaren proiektua debaldekoa dela frogatzeko. Hala, egungo trenbideak hobetzearen alde egin zuen,merkeagoa dela argudiatuta.

Trenbide berriak izanen duen kalte ekologikoa ere gaitzetsi zuten gerturatutakoek. Marie Christine Elizondo Urruñako (Lapurdi) hautetsia da, eta abiadura handiko tren berriaren proiektuak zuzenki kalte egiten dio, haren etxetik pasatuko baita trenbide berria. «Zuzenki kaltetuak gara, baina, dena den, gisa horretako proiektu bat ezin dugu onartu». Aipatu zuen kalte ekologikoekin batera, inguruko laborantza lur franko «suntsituko» lituzkeela proiektuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.