andoni egana
HITZ ETZANAK

Eman

2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Askotan entzuten zen «bizia eman». Gehienetan zerbaiten alde; tarteka, zerbaiten kontra. Martirio orok zuen kristautasun kutsu bat saihetsezina. Kristautasunak indarra zuen artean bizia ematearen hori hobeto ikusia zegoen sinismenak indarra galdu ostean baino...

Orain, purian dabilena bizitza eman esamoldea da, eta gutxienekoa da gazteleratik zuzenegi ekartzeagatik oker darabilgun. Orain, bizitza eman behar zaio auzoari, herriari, hiriari... ia derrigor. Gabonetako kale-argietan egiten den gastua zuritzeko beti arrazoi bera eskaintzen da: bizitza ematen diote herriari. Denda txiki eta handi, taberna eta jatetxeei buruz ere gauza bertsua entzungo dugu: herriari bizitza ematen diote. Argi dago hori dioenarentzat bizitza-ren sinonimorik behinena kontsumoa dela. Kontsumitzeko gai zaren neurrian bizi zara, bestela ez. Ez dute kontatzen, ordea, dendaz eta tabernaz jositako hiri hiper-argituetan buelta bat emate hutsa arrunt desberdina dela sakela beterik edo hutsik daramanarentzat. Batzuek bai; besteek nahi. Agintariak, gai dira ez dutenen dirutik ere gastatzeko, dutenek errazago gasta dezaten.

Eta nire baitan diot, bizia eman lazgarriegi hartatik bizitza eman pozgarriegi honetarako tartean zerbait badagoela. Bizitza, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.