Onintza Enbeita.
BIRA

Ardura

2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Gaur duela sei urte, 2016ko maiatzaren 27an, Barack Obama Hiroshiman izan zen. Oraindik ere gizaterian sinesten duen jende batek barkamen eskaera bat espero zuen. Ez noski zuzenean Obamaren izenean, baina, AEBetako presidentea izaki, bai bertako estatu agintaritzaren izenean. Agintaritza hori izan baitzen, mende erdi lehenago, bonba atomikoa eraikitzea ahalbidetu eta Hiroshiman eta Nagasakin botatzea deliberatu zuena. Kontua da Obamak ez zuela esperotako keinurik agertu: «Lainorik gabeko goiz argi batean, heriotza zerutik erori zen», izan zen esan zuena. Ezin zaio agintari bati poesia egiterik ukatu, baina jakin badakigu bonbak ez direla erortzen: bonbak bota egiten dira. Are: bonbak norbaitek botatzen ditu, eta norbait hori zerbaiten parte izaten da gehienetan. Beraz, bonba atomikoak AEBetako armadak bota zituen, eta gerrarekin zerikusirik ez zeukaten milaka lagun hil zituzten. Gernikarrei euren burua erre zutela esan zieten, eta hiroshimarrei zeruak heriotza bidali ziela goiz argi batean. Eta Ukrainan izan diren kazetari eta medikuak esaten ari zaizkigu bertako armada dela krimenik handienak egiten ari dena, baina informatiboetan errusiarrak baino ez dira gaiztoak. Dakiguna jakinda, hemendik berrogeita hamar urtera berandu izango da arduradunak bilatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.