andoni egana
HITZ ETZANAK

Itsasertzean

2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Manifa bat burutzeko toki xelebrea da hondartza. Egin egiten dira manifak hondartzatan, udaldian batik bat. Kanpotarrek ikus zaitzaten eta zerbait gertatzen dela ohar daitezen ez da ideia txarra. Egonean dauden bertakoen arreta ere lortuko duzu. Hedabideentzat ere ezohiko argazkia da. Ihesbidea du eskasa hondartzak. Seguru samar egon behar duzu polizia ez zaizula oldartuko, hala balitz, ez baituzu babestuko zaituen kale-kantoirik edo ezkaratzerik aurkituko.

Hondartzako manifa batetik ihes egiteko modurik eraginkorrena inguruarekin mimetizatzean datza. Pentsa dezala poliziak hondartzan zeuden haietako bat zarela. Mutikotan ikasi nuen hori, larriune batean, inguruko bizkorrenak «erantzi nikiak!» oihu egin zigunean. «Erantzi nikiak!». Onik irten ginen atorra erantzi eta turisten pausajean korrika egiten asmatu genuenak...

Atzoko BERRIAko lehen orriko argazki nagusia ikustean sorturiko burutazioak dira. Uztailaren 14a dela eta Donibane Lohizunen burujabetza eskatzeko egindako manifestazio jendetsua. Hondartzan bertan ez, baina hondartza ertzean doaz manifestariak. Zahartu egin naizela jabetu naiz argazkiari begira. Orain, tixertak eranztea ez dago modan. Orain, eguzkitarako betaurrekoak janztea da, nonbait, mimetizatzeko era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.