Onintza Enbeita.
BIRA

Denboraren lapurrak

2018ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Dena bueltatzen dela esaten dute: moda, eguzkia, maitaleak, elurra... baina badira itzultzen ez diren gauzak ere. Eta, gehienetan, itzultzen ez diren gauza horiek joandako denborari lotuak izaten dira. Izan ere, denbora pasatu egiten da ezinbestean, eta alferrik galdutako segundoek min ematen dute. Ez akaso momentuan bertan, baina urtearen amaieran kalkulatzen dugunean zenbat denbora egin dugun norbaiten zain, edo mugikorrari begira, edo ezertarako balio ez duten aldizkariak irakurtzen, edo lo, urte berrirako bestelako proposamenak egiten ditugu: urtarrilaren batetik aurrera formala izango naiz eta denbora hobeto antolatuko dut.

Baina nola antolatu daiteke hobeto besteek lapurtzen diguten denbora? Pentsa ezazu urte bi egin dituzula kartzelan, epaile batek talde terroristako kidea zarela deliberatu duelako. Pentsa ezazu, 730 egun metro karratu biko ziega batean pasatu ostean, hezetasuna eta hotza jasan behar izan dituzunean, familiak odisea bat egin behar izan duenean zu ikusi nahi izan zaituen aldiro, beste epaile batek esan duela zure atxiloketa ez zela legezkoa izan. Ez, ez da kontsolamendu handia gobernu batek edo besteak eman dezakeen kalte-ordaina: injustizia ezin du diruak ordaindu eta epaitegi batek ezin dio inori bueltatu beste batek lapurtu dion denbora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.