Onintza Enbeita.
BIRA

Unibertsoa

2020ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Ahalik eta ondoena antolatu duzu dena, inoiz ez bezala. Maleta egin baino lehen behar dituzun gauzen zerrenda egin duzu, eta ia ziur dakizu behar dituzun gauzak ez dituzula etxean utziko; nahiz eta jakin, beti agertzen dela maletan erabiliko ez duzun zerbait. Lotara joan aurretik, soinean eramango dituzun arropak ere prest utzi dituzu: ez duzu inoiz horrelakorik egin. Bila etorri zaizkizunean, zu egon zara haien zain, eta garaiz iritsi zara aireportura, arineketan ibili gabe. Aireportuak ez zaizkizu gustatzen: bertan dagoen jendearen erdia nonbaitetik dator, eta beste erdia nonbaitera doa. Badakizu, bizitzan lehen aldiz zoazen lekuko berriak irakurri dituzulako, eguraldia ez dagoela bere onenean, baina esan dizute hegaldia orduan aterako dela. Dena egin duzu garaiz eta ondo: inoiz ez bezala. Zeure buruarekin harro sentitzen zara, azkenean lortu egin duzu bidaia bat bederen lasai hastea. Halako batean, hegazkina beteta dagoela esan dizute. Asteburuan bertan behera gelditu diren hegaldietako bidaiariak sartu dituzte, eta zu han gelditu zara ez inondik etorri ez inora joan. Alferrik da zu gauzak beste modu batera egiten saiatzea: unibertsoak bere odisea propioa antolatuko dizu beti. Ordea, zaila da batzuetan egin dizun planarekin ados egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.