Onintza Enbeita.
BIRA

Promesak

2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Umeei ez zaie ezer ahazten. Nik ilobei zin egin diedan gominola bakoitza ekarri egin behar izan diet. Eta hala behar du: agindua zor da. Neuk ere ez ditut ahaztu umetako promesak. Denborak erakutsi dit batzuk ezin izango lizkidaketela egundo bete, baina bete ahal izanda, bete gabe geratu zirenek aho zapore txarra utzi didate. Horregatik iruditzen zait zoragarria umeek zer naturaltasunez eskatzen duten agindu zaiena, ze guk helduok ez dugu egiten, baina agindu ondoren eman ez zaigunak min ematen digu. Eta modu onean zein txarrean eskatu, arrazoia ia beti du promesa egin zaionak.

Ez dakit noiz ahazten zaigun agindutakoa betetzearen garrantzia. Euskaldunaren berbaren gainean irakurri eta idatzi egiten dugu etengabe, baina gure arteko harremanetan ere bete gabeko promesak gehiago dira bete ezin diren ametsak baino. Ez dakit zein adinetan ikasten dugun eman ez digutena barkatzen, ez dakit noiz egiten digun buruan zerbaitek krak eta promes egin digutena ahaztera iristen garen. Dena dela, penagarria da. Ez, ez nioke inori bultza egingo eskaileran behera zin egindako zerbait bete ez didalako, baina badaezpada, ahaztea gertatuko balitz ere, gustura gogoraraziko nioke agindutakoa. Ezin bada ezin da, baina agintzearren ez da ezer agindu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.