Onintza Enbeita.
BIRA

Kanpokoa

2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Baietz eta baietz diote denek: egin egingo dutela Guggenheim Gernikan. Aldatu egingo omen dute proiektua, baina hemen jarriko ei dute fundazio pribatuaren tenplua. Duela gutxi, Bilboko Guggenheimaren harira, irratian entzun nuen denborak arrazoia eman diela haren aldeko apustua egin zutenei. Litekeena da; baina ez dezagun ahaztu diru publiko asko eraman dutela Puppyren jabeek Bilbotik eta Bizkaitik. Jendea ekarri du museoak Bilbora agidanez, baina jende horrek guztiak ez du dirua itsulapiko publikoan uzten. Ez nuke Gernikan ere berdina pasatzerik nahi. Museo bi daude, dantza taldea, bertso eskola, tradizio handiko kirol taldeak, Astra, Iparragirre rockelkartea... Ez dauka zertan Bilbon gertatu zena gertatu, baina museoa egin beharraren egin beharrak kulturako dirua eramaten badu, zer gertatuko da beste guztiarekin? Ez dezagun akatsa errepikatu: badaukagu munduari zer erakutsi oinarrian geure burua jarrita ere. Zergatik ez gara saiatzen? Ingelesezko izenak utzi, zelofana utzi... eta sortzen duguna eman munduari. Merkeagoa eta sanoagoa da, autentikoagoa eta jasangarriagoa, etikoagoa eta justuagoa.

Akonplejatuta bizi dira gure agintariak: kanpokoa goresten, hemengo proiektu guztiei ingelesezko izena jartzen... Garena izatea baino erreklamo turistiko interesgarriagorik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.