andoni egana
HITZ ETZANAK

Kontrola

2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Garaiak aldatu egin direla sinisten hasi beharko diat», bota zidan lehengo astean adiskide batek. Isil-isilik entzun nuen bere azalpena: «Udal hauteskundeetarako zerrendetan zenbat eta komisario politiko gutxiago, hobe».

Hitz-parrastada bat eskaini zidan ondoren. Komisario politikoa dela, taldeari itxura samur eta irekiagoa emate aldera ipini dituzten pertsona haiei bidea galtzen hasten direnean, zuzena zer den eta zer ez zehazten diena. Dela, bere burua aurreko puntakotzat jo arren prest dagoena atzerago kokatzeko, ezkutuagotik kontrol lana errazagoa delako. Dela, huskeriatan katigatuko ez den pertsona bat, beti duelako helburua garbi eta goiburua argiago. Dela, askatasunaren izenean loturak ipintzeko prest dagoena, berak oso ongi dakielako lotura horrek noizbait askatasuna ekarriko duela.

Galdetu nion ea ziur zegoen. Baietz erantzun zidan. Zerrendaburuei ez zaiela begiratu behar, horiek irekiak, herrikoiak eta jatorrak izan daitezen aspaldi arduratu zirela alderdirik gehienak. Begiratu behar zaiela zerrendan laugarren, zazpigarren edo hamabigarren doazenei. Horietan sumatu omen zuen aldea. Pozik zegoen oso. Jendarte likidoago baten aldeko apustua aspaldi egin zuen eta trago bat hartzera gonbidatu ninduen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.