HITZ ETZANAK

Anima zaitez!

andoni egana
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Zuk ez duzu sumatzen —eta nik badakit— oso garrantzitsua dela hau». «Zuk ez dakizu —eta nik bai— ongi pasatuko dugula». «Zu ez zaude akaso jakinaren gainean —baina ni banago eta zaude lasai nik azalduko dizut eta— munduan zein izugarrikeria gertatzen ari diren». Sakonean horrelako mentalitate bat egon daiteke futbolin-txapelketa batean izena emateko, auzo-bilera baterako deialdian edo manifestu baten sinadura-ekitaldian parte har dezazun, «anima zaitez!» esan-idazten dizutenean. Kokoteraino nauka animo-arenak...

Gehienetan ez baita animo kontua izaten. Baina animatzaileak baietz pentsatzen du beti, desanimatuta zaudelako ez diozula baiezko suharra ematen. Ekina da gainera, definizioz, animatzailea. Ez du zurea aitzakia edo arrazoia den bereiziko. Berdin zaio porru-patatak prestatu behar dituzula edo tanatoriora bisita egin behar duzula entzun. Berera doa, itsu-itsuan.

«Animatu zaitez!» esaten didaten bakoitzean ume sentiarazten naute. Eta ez da estrategia ona ni konbentzitzeko. Hori bai: zenbaitetan, hizkuntzaren zoko-moko guztiak menperatzeko gai ez zen baina irizpide oso argiak zituen haur hura izan nahi nuke. «Ez det nahila!» erantzuten zekien hark, esaterako, gustuko ez zuen barazkiren bat probatzera animatzen zutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.