andoni egana
HITZ ETZANAK

Hondartzak

2020ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Kolonizatzaileak handik barrena iristen ziren; piratak eta kortsarioak ere bai. Armada arrotzek mendi-ateak baino errazago igarotzen zituzten olatu-sailak. Itsas hondoan bizi bide ziren munstroek bertan hartzen zuten atseden. Handik barrena iristen ziren sinesmen eta ohitura desberdineko pertsonak. Baita denboraleen ondorioz itotako arrantzaleen gorpuak ere. Pandemiek ere hondarretan uzten zituzten lehen oinatzak. Ez, hondartzek ez zuten fama onik duela bi mendera arte. Toki arriskutsuak ziren hondartzak.

Duela bi mende zientziak eta poesiak topo egin zuten hondartzan, britainiarren eskutik. Darwin Galapagoetako hondartzetan zebilen, nondik gatozen jakin nahian. Byron Lorda Europakoetan, nora goazen hitz neurtuetan azaldu asmotan. Trena ere orduko asmazioa da. Urrun zegoena eskura jarri zuen eta izugarri zena zoragarri izatera pasatu zen, aristokrazia zela medio. Uhin-bainuak, dena eduki arren deus ez zeukatela jabetzen zirenen minzorri hura goxatzeko baliagarri ziren nonbait... Halako batean, gu ere, herritarrak, hasi ginen hondartzara joaten.

Eta orain, uda gero eta hurbilago eta COVID-19a gure artean, espantuka hasi gara hondartzak metakrilatozko geruzen bidez zatitzeko asmotan dabiltzala jakitean. Ahaztu egin zaigu zer beldurretatik gatozen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.