andoni egana
HITZ ETZANAK

Molestatu

2020ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Itsaslabar baten ertzean selfie bat egiten hasi, estropezu egin, eta atzerantz amiltzen denaren heriotza baino absurdoagorik gauza gutxi da. Harrapa ezin daitekeena ere atxiki egin nahi—unea, norbera, sare sozialen miresmena...—, eta denak ihes egin.

Ennio Morricone konpositore italiarrak oso bestelako bidea hautatu du. «Ni, Ennio Morricone, hil egin naiz» esaldiarekin hasita eman digu, labur, bere heriotzaren albistea. Azaltzen du lagun eta senitartekoekiko maitasuna; azaltzen, emaztearekiko maitemina. Baina testu laburhorretan harriarazten gaitu, hileta-elizkizun arranditsurik ez burutzearen asmoa arrazoitzeko moduak: «Ez dut molestatu nahi».

Molestatu hitzak baditu ertzak. Mole edo molekula-ren izter-lehengusua da. Pisua, zama, karga... adierazten du. Norbait molestatzea haren bizkar gainean pisua ezartzea da. Horrixe egin nahi izan dio uko Morriconek. Bere xume itxuran, heriotza ordurako ez ezik, filosofia sakona da bizitzarako ere. Deus atxiki nahi ez duenak oro harrapatzeko aukera handiagoak izan ditzake. Ni, behintzat, haren musikak harrapatu ninduen. Oroiminak jotzen nauenean, euli-giro den udako arratsaldeetan, herriko zine zaharraren parean pasatzean... gogora etortzen zait. Lurra arin gertatuko zaiolakoan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.