andoni egana
HITZ ETZANAK

Desagertu?

2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun

Petraldu egiten zen hizkuntzaren inguruko eztabaidetan. Maite zuen euskara, eta min hartzen zuen bihurrituegia sumatzen zuenean. Azken aldera, izan zituen lau-bost hitz edo esamolde begitan hartuak. Haietako bat zein zen ez zait ahaztu joandako hogeita hamar urtean. «Desagertu?», botako zuen mespretxuz. «Hori ez da euskara. Des, des, des... Ze behar daukagu desdeska aritzeko? Guk beti ezkutatu esan izan dugu. Eguzkia ez da desagertu egiten. Eguzkia egiten da, ezkutatu». Horrelakoa zen, horrelakoa ere bai, Lazkao Txiki.

Nerabeen arteko jolasetan modan jarri den baten berri izan dugu orain. Whatsapparen bidez jotzen diote erronka elkarri. Familian eta inguruan deus esan gabe desagertu egin behar dute 48 orduz. Eta desagertuak puntuak biltzen ditu bere izena Poliziak desagertuen zerrendan sartzen badu, edota familiak etsipen mezuak idazten baditu sare sozialetan. Nork alarma handiagoa sortu, hark irabaziko du lehiaketa. Ikaragarria! Jolasak bere zentzua galtzen du ankerregia denean...

Duela hiru urte eman zen lehen kasua Ipar Irlandan. Orduz geroztik, mundu osoko Poliziak larri dabiltza egiazko eta gezurrezko desagerpenak bereizi ezinda. Lazkao Txiki aztia izan zen horretan ere. Berak bazekien. Ez dira desagertzen. Ezkutatu egiten dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.