andoni egana
HITZ ETZANAK

Dagigun

2022ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hil egin nahi zuen. Bi pertsona hiltzeagatik zegoen espetxean Gary Gilmore, eta argi zeukan hil egin nahi zuela. Horregatik, azken orduan borreroak hurbildu eta zerbait aditzera eman nahi zuen galdetu zionean, «dagigun» xume batekin erantzun zuen. Egizue eta kito. Luzamendutan ibili gabe. Hamar urte lehenago Gary Gilmorek botatako esaldi hura pittin bat aldatu omen zuten Nike enpresakoek 1988an, munduan zehar ospetsua egingo zen leloa asmatzeko: Just do it.

Orain, zapatila klase berria merkaturatzear dira. Eta Nike Zoom X Zegama jarri diote izena. Zegama-Aizkorri mendi maratoiari errekonozimendua. Kolore beltzekoak behar lukete zapatila berriek, zikin-estaliagatik lehenik, eta batik bat beleen omenez. Ez dakit horretaraino iritsiko diren. Nikek aski baitu egitearekin. Just do it. Egin soilik. Bakar-bakarrik, egin. Zegamak ez, ordea. Zegamak pentsatu ere egin beharra dauka. Arrakastaren arrakastaz hiltzeko arriskua aurreikusten du zenbaitek...

Egin egin zuten Gary Gilmorek eskatzen zuena. Hil zuten. Fusilatuta. Baina zortzi gizonezko borrero, zortzi arma, eta zazpi egiazko bala. Zortzigarrena, hots hutsa. Hartara, borreroek ez zuten kulpa sentimendua guztiz bereganatzen. Jaurti zutena hots huts zela pentsatzeak loa erraztuko zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.