andoni egana
HITZ ETZANAK

Ratioa

2022ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Umetan, ez genuen ikastolan bider erabiltzen. Zeinua bai; hitza ez. -ko atzizkia erabiltzen genuen biderketak burutzerakoan. Sei seiko, hogeita hamasei. Zazpi lauko, hogeita zortzi. Bi zazpiko, hamalau. Euskararen senetik pare-parera zetorren esamoldea zen. Seina behiko sei multzo, hogeita hamasei behi. Zifrak handitzen hastean sortzen zen arazoa. Berrehun eta berrogeita hamabi, laurogeita hamazazpiko... Ditxosozko -ko biderkatzailea heltzen zenerako zorabiatu egiten zinen esaeran, ulermenean, denean. Eraginkorragoa da, bai, bider hori tartean sartzea. Arnasa handia ematen dio esan behar duenari bezala ulertu behar duenari ere.

Orain, Eusko Jaurlaritzak hezkuntzarako hartu duen erabakia dela tarteko, ratio hitza entzun eta irakurtzen hasi gara edonon. Latinetik heldu bezalaxe azaltzen zaigulako edo, ez du min handiegirik ematen begi-belarrietan. Gainera, ez da erraza ordain egokia aurkitzea. Esango dugu «ume gelako», «alargun herriko» edo «zerbitzari tabernako» baina hitzaren faltan geratuko gara.

Pertsona edadetu batekin ari nintzela, hala bota zidan atzo: «Irratia esaten ikasi guk, eta orain berriz radioa esaten ari dituk. Hau ulertuko duenik ez duk». Entzumenez zebilela juxtu esan ordez, arrazoia eman nion. Total, hitz bera da, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak