Onintza Enbeita.
BIRA

Abizenak

2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Asko dira etorkizun hobe baten bila Ameriketara joan ziren euskaldunak. Askok ez zuten behar adinako zorterik izan: badakizue, Ameriketan ere txakurrak ortozik. Beste batzuek txin-txin, txin-txin itzuli ziren etxera. Izan dira han galdu direnak ere: ez berririk, ez hileta deirik, ez ezer. Asko, gutunetan kontatzen zutena baino txarrago biziko ziren.

Beste asko, ordea, ondo biziko ziren. Ondo edo lasai behintzat. Edo ez dakit nik. Ez baitakit nola bizi daitekeen norbere herritik milaka kilometrotara halako edo bestelako gerretan sartzen dena. Zer pentsatua ematen didate Ameriketako diktadura militarrei buruzko artikuluetan irakurtzen ditudan abizen euskaldunek. Kezkatu egiten naute bertakoek euren eskubideak aldarrikatzen dituzten bitartean, lur jabeen artean dauden abizen euskaldunek. Askok ez dute ukatzen euren jatorri euskalduna. Badakite, eta hala kontatzen dute, hemendik joan zirela hara euren gurasoak edo gurasoen gurasoak, eta haien izerdiak orain dauden lekuan egoteko zilegitasuna ematen dietela uste dute.

Badakit euskaldun izateak ez duela inor on egiten. Badakit ez daukadala haiekin zerikusirik eta haiek eta nik ez diogula elkarri ezer zor. Baina, hala ere, batzuetan, barru-barruan lotsa moduko sentipen bat pizten zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.