Onintza Enbeita.
BIRA

Pinua

2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Sartu pinuak, esan ziguten. Sartu pinuak, eta aberastu egingo zarete. Eta baserritarrek pinuz bete zituzten basoak. Lehenengo pinudien emaitzak onak izan ziren: pisuren bat hirian, teilatu berria baserrian... Merkealdia etorri zen gero: pinuaren prezioak behera egin zuen, eta bizimoduak gora. Orduan, eukaliptoa gomendatu ziguten. Pinuarekin dirua irabazi bagenuen, eukaliptoarekin askoz ere gehiago irabaziko genuen.

Bizirik zegoen belaunaldiari begira egindako baso politikak ziren pinuarena eta eukaliptoarena. Lurra lehortu eta garraztu egingo zuten hurrengo belaunaldiontzat, baina berdin zuen. Eta azkenean, Insignisa gaixotu egin da. Orri berdeak marroitu egin zaizkio eta zuhaitzak lehortu egingo omen dira erremediorik gabe. Norbaitek esango dio pinurik sartu ez zuenari, zuzen zegoela? Administrazioek onartuko dute engainatu egin gintuztela?

Atzamarrak gurutzatu, eta onenean pentsatu nahi dut: bertoko zuhaitzen aldeko kanpaina egingo dute orain aldundietako eta Jaurlaritzako nekazaritza sailek. Gaixotu eta erretako lurrotan haritza, artea, gorostia, alkazia, lizarra, gaztaina edo gereziak landatuko ditugu, eta berriz ere, basoak izango ditugu. Benetako basoak: bioaniztasunez beteak, orekatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.